XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Bukaera Irakaskuntz teknikak deitu ditugunak aztertu ondoren, laguntzabide erabilgarri bezala agertzen dira bigarren hizkuntzaren irakaskuntzarako.

Teknika hauek ez ditugu ontzat ematen berez onak direlako, baizik eta bigarren hizkuntzaren irakaskuntzan erabil daitezkeelako.

Lan honetan zenbait baliabide azaldu dugu, baina teknika bakoitzaren balio didaktikoa ez dugu agortu.

Nahiz eta berritzaile ez izan, bigarren hizkuntzaren irakaskuntzari zabaltasun berria ematen diote.

Bigarren hizkuntzaren klasean aurkezpen-teknikak erabiltzeak hizkuntz material berriak ematen dizkio ikasleari, hizketara, gertakizunak adieraztera, galderak egitera bultzatuz.

Horrela, eztabaidek, azalpenek, organizaturiko ikustaldiek etab. hitzezko harremanei bide ematen diete eta harreman horien iturburu dira.

Hasten ari diren ikasleak ere mintzatzera ausartzen dira, horretarako egokitasuna emanez gero.

Maila denetako ikasleek parte har dezakete hizkuntz harremanetan simulazio-teknikei esker.

Rol-jokoa dela edo joko linguistiko edo antzerki etab. direla medio, simulazioak ahozko mintzaldien bide eman diezaieketen egoerak birsortzen dituzte.

Aurkezpen eta simulazio-teknikek lehen mailetako ikasleentzat ere egokiak badira, eztabaida-teknikak hizkuntza nahiko ondo dakiten ikasleentzat dira bereziki egokiak.

Nola hitzezko harremanetan parte harrerazi hizkuntzaren hastapenak bakarrik dakizkiten ikasle berriei? Zalantza berbera daukagu partaidetza deritzan teknikari buruz ere.

Teknika didaktiko eta autodidaktikoek, berriz, bere irakaskuntza ikasle bakoitzaren neurrietara mugatzeko egokiera ematen diote irakasleari.

Horrelako teknikak erabiltzeak ikaslea gizabanako eta taldekide bezala aintzakotzat hartuko duten eredu pedagogikoak ezartzea errazten du.

Hizkuntz ikaslea tamalez, hizkuntz metodoen egileek kontutan hartu ez duten bariablea da.

Metodoek ikasle guztientzat eta egoera denetarako baliagarri behar zuten izan.

Ikaslea elebidun egiteko gauza izan behar zuten metodoek, eta irakasleek metodoaren hari pedagogikoari jarraitu behar zioten zehatz-mehatz, ikasle bakoitzaren berezitasunez arretatu gabe.